2010/09/12

Ekainberrik ikasturte berriari hasiera ematen dio Eskaintza Didaktiko berritu batekin

Ekainberrik, Ekain kobazuloko erreplikak, irailak 11ean bere bigarren urteurrena ospatu zuen. Bigarren urte honetan ere 40.000 bisitari izan ditu erreplikak, lehenengo urteko datu eta ezaugarri oso antzekoekin.
2008ko irailak 11ean Ekainberri inauguratu zenetik 80.000 pertsonek bisitatu dituzte Gizateriaren Ondare izendatuak izan diren margo paleolitiko hauek. Azkeneko uda honetan zehar, bere webgunearen bitartez sarrerak erosteko sistema martxan jarri du erreplikak.
Bisitarien balorazioa oso ona da. Sistema informatiko baten bitartez egindako inkestek Ekainberrik 9ko nota bat lortzen duela ikusi da. Baina honetaz gain bisitarien komentarioek eta behin baino gehiagotan etortzeak kultur proposamen hau arrakasta lortzen ari dela erakusten dute.
Honi guztiari Ekain kobazuloan izandako azkeneko indusketetako aurkikuntzek berriro gizateriaren ondare honen garrantzia hareagotzen dutela ikusten da. Oraindik bizirik dagoen kobazuloa ondoan duen erreplika behin eta berriz elikatzen du bertan ikerlariek aurkitutakoarekin.
Bi taldeetan banatzen dira Ekainberrira etorri diren bisitariak: bakarkakoak eta ikastetxe taldeak. Lehendabizikoen artean gipuzkoarrak dira gehiengoak, bizkaitar eta arabarren aurretik. Ondoren nafarrak eta estatuko beste lurraldeetako bisitariak: katalanak, madrildarrak eta andaluzak. Atzerritik datozen artean frantsesak, ingelesak eta holandesak dira gehiengoak.
2009ko irailean hasi zen 2009/2010 ikasturtean zehar, Ekainberrira 7.094 ikasle etorri dira 397 taldeetan banatuak. %93ak euskaraz egin du bisita eta tailerra. Gehien etorri diren ikasleak LH5 eta DBH2 artekoak dira. Ikasleek pinturak ezagutu eta historiaurreko bizimodua nolakoa zen ikasi ahal izan dute.

Ikasturte berriari hasiera

Bigarren urteurrena ospatu eta segituan hasi da Ekainberrin ikasturte berria. Iazko urtean Ekainberrik lau eskaintza diferente zituen LH1 eta goi ikasketa arteko ikasleentzat. Aurten, ordea, lau izatetik zazpi eskaintza diferente izatera pasatu da. Honekin batera Haur Hezkuntzarentzako eskaintza berezia ere prestatu da Ekainberrin, ikastoletako txiki txikientzat (4-5 urte). Ekainberrik bere Eskaintza Didaktiko guztia bere webgunean (www.ekainberri.com) du zintzilikatua eta erreplikara hurbildu aurretik egiteko ariketak ere proposatzen dira.
Ekainberrik gure lurraldean orain dela 13.000 urte bizi izan ziren gizaki haien ezaugarri eta bizimodua erakusteko eta helarazteko lanetan jarraituko du, Gizateriaren Ondare diren margoen atzean dauden gu bezalakoak ziren gure arbaso haiek gaur eguneko gure gizartera hurbilduz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario