2011/04/15

Paleolitiko artea

Arte bezala kontsidera daiteke gizakiak zerbait igortzeko pentsatu edo sortutako edozer gauza edo ekintza. Historiaurreko artea dokumentu historiko bat da, arte kualitatea duena, ikusmenez zerbait igorri edo komunikatzeko gai dena. Gainera, ezin da tresna soila izan, helburu sinboliko bat izan behar du.
Guzti honek prozesu intelektual konplexu bat eskatzen du, artea komunikazio faktore bat da sortu duen gizartearentzat.
Arte adierazpen orokortuen sorpena Homo sapiens-sapiens giza espezieari dagokio (Europara duela 40.000 urte inguru iritsi zena). Bere aurretik bizi izandako Erectus eta Neandertal gizakiei egotzitako hainbat tresnek ageri dituzten marken intentzionalitatea zalantzan dago.
Homo sapiens-sapiens gizakiak apaingarri pertsonal sofistikatuak eta ehizarako teknologia askoz eraginkorragoak ekarri zituen berarekin. Azken izoztaroaren bukaeran, Solutre eta Madeleine garai kulturaletan alegia, elikagaiak lortu eta metatzeko moduak asko garatu ziren. Elikagai gehiago eskuragarri zituzten neurrian, giza taldeak ugaritzen eta lekuan lekuko baliabideetara egokitzen joan ziren. Ezarmenduek urtarokotasun izaera hartu zuten eta kultur adierazpenak erregionalizatu egin ziren.
Paleolito garaiko gizatalde ehiztari eta biltzaileen arte adierazpenak bi multzotan bildu daitezke, arte eramangarria edo higigarria batetik eta labar artea bestetik.
Arte eramangarria edo higigarria giza jatorriko, gutxienez grafia edo errepresentazio bat duen, eta gorpuzkera ertaineko pertsona batek garraiatu ahal izateko moduko objektu oro da. Euskarritzat hezurra, adarra, bolia, hortzak, maskorrak, uharriak, xaflatxoak, harri blokeak edo burdin oxidoak izaten dituzte.
Pieza hauetako askoren erabilera posibleari buruz zalantzak daude.
Badira eguneroko bizitzarako tresnak, hala nola ehizarako azagaiak, arrantzarako arrankaziak, hagaxkak, bultzagailuak, zulaturiko makilak, orratzak, musikarekin loturiko txirula edo tutuak, lanparak..., beti ere gizakiak nolabait apainduak.
Beste batzuk apaingarri pertsonalak dirudite, adibidez zintzilikarioak edo pieza zulatuak, Ekainen aurkitu berria dena bezalako ingerada ebakiak, eskuturreko edo diademak, lepokoen ale edo abalorioak...
Badira izaera erlijiosoa egotzi izan zaien objektuak ere. Normalean animalien edo pertsonen irudia erakusten duten eskultura txikiak dira, bere erabilera ezezaguna da, baina alde batzuk erabileragatik leunduak izaten dituzte.
Labar artea Paleolitoko arte adierazpenik bikainenetakoa da. Askotan kobazulo sakonen alderdirik ilunenetan aurkitzen dira, ez taldearen bizilekuan. Bere mugimendu eta zirkulazioa ezinezkoa da, ikusleak edo artistak mugitu behar du artelanak dauden lekura. Antolakuntza eta plangintza handiak behar dituen jarduera da.
Labar artea oso fenomeno konplexua da. Hainbat teknika eta gai adierazten ditu. Batez ere hiru espazio motatan agertzen da, bakoitza bere ezaugarri bereziekin.
Aire libreko labar arte aztarnategi gehienak Iberiar Penintsulan aurkitzen dira. Zizelaketa edo grabatu teknikaz landutako harkaitz edo harlausetan agertzen dira eta oso konplikatua da euren kronologia ezartzea.
Harpeak edo “kanpoko santutegiak” ondo argiztatutako kobazuloetan aurkitzen dira. Beraietan grabatuak eta baxuerliebeak nagusitzen dira, irudi batzuk jatorriz margotuak ere baziren arren. Zabalkunde geografiko handia duen fenomenoa da.
Adierazpenik bikainenak kobazulo edo “santutegi sakonetan” ditugu, Ekaingoak kasu. Fenomeno hau Andaluzia hegoaldetik Ural mendietaraino zabaltzen da, pilaketa handiena Frantzia hegoaldean eta Iberiar Penintsulan aurkitzen den arren. Bertan baliabide tekniko guztiak erabiltzen dira eta askotan iristeko oso zailak diren espazioetan daude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario