2011/09/08

EKAINGO KOBAZULOA: BIZILEKUA VS. SANTUTEGIA

Kobazuloek betidanik gizakiarentzat esanahi berezia izan dute, milaka urtetan zehar bere etxea eta babeslekua izan dira eta, baina aldi berean misterioz, arriskuz eta sinbologiaz beteriko lekuak ere badira.


Lehen gizakiak kobazuloetan bizi ziren, baina baita leizeetako hartz edo leizeetako lehoi beldurgarriak ere, eta mitologia desberdinetako hainbat izakik ere kobazuloetan zuten euren etxea. Beraz, lurpeko eremu hauek babeslekuak bezain arrisku lekuak izan daitezke gizakiarentzat.


Goi Paleolitoa izotzaldiek markaturiko garaia izan zen. Milaka urtetan zehar, gizakiek muturreko tenperaturei eta hilabete luzez elur eta izotzez estaliriko paisaiei aurre egin behar izan zieten. Muturreko klimadun testuinguru horretan, kobazuloek mantentzen duten tenperatura konstantea oso balio erakargarria izango zen gizakientzat. Agian horregatik ziren kobazuloak Paleolitoko gizakientzat hain gustuko bizilekuak.


Baina lehen gizakiak ez ziren edozein kobazulotan bizitzen, ahoa hegoaldera edo ekialdera orientatuta daudenak nahiago zituzten, edo lurralde bat begiradarekin menperatzeko moduko altuera duten guneak... Leizeetako lehoiek edo leizeetako hartzek ere espazio hauek bizilekutzat zituzten, beraz, gizakiak animaliek okupaturiko kobazuloak saihesteko joera izaten zuten.


Behin kobazulo bat hautatu ondoren ere, ez ziren edozein alderditan bizitzen, eguneroko bizimodua burutzeko kobazuloaren alderdirik argiena, eguzkitsuena, erabiltzen zuten, sarrerako alderdia. Eguzkiaren argia eta epeltasuna ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegintzen ziren.


Kobazuloen barrualdea piztientzat bizileku egokia izan zitekeen. Bertan aurkituriko aztarnei kasu egiten badiegu, badirudi leizeetako hartza Ekainen oso eroso sentitzen zela. Baina gizakiak alderdi hori momentu oso konkretuetan bisitatzen zuen.


Garai eta eremu geografiko oso desberdinetako gizakientzat kobazuloek beti izan dute elementu magiko, sakratu edo beldurgarri bat. Paleolitoan artelan ikusgarriak islatu zituzten lurraren errai ilunenetan, historian zehar altxorrak gordetzeko guneak izan dira, tradizio mitologiko askotan izaki beldurgarrien bizileku dira, heriotzarekin eta hildakoen munduarekin lotutako eremuak... Askotan ageri zaizkigu gertakari ilunei eta txarrei lotutako espazio gisara.


Ekaingo kobazuloan oso argia da bizilekua eta alderdi “sinboliko” horren arteko bereizketa. Bi espazioak fisikoki ere bananduta aurkitzen dira.


Bizilekua kobazuloaren sarreran dago eta 35 metro2 inguruko espazio argitsu bat da, ekialderantz orientatua, Sastarrain harana zelatatzeko talaia paregabean kokatua... Gizakiak eguneroko bizitzarako sortutako eta erabilitako tresnak hor aurkitu dira, baita berak ehizaturiko animalien aztarnak eta su zuloenak ere.


Bizileku horretatik 15 metro inguruko luzera duen pasabide estu bat abiatzen da. Hodi beherakor horrek Ekaingo altxorrik bikainena gordetzen den galerietara bidea irekitzen du.
Aldi berean kobazulo barruko labar arte multzo zoragarria eguzkiaren argitik erabat isolatuz.


Kobazuloen alderdi ezkutu hauek santutegi moduan interpretatu izan dira askotan, bertan gizakiek sinismenen munduarekin loturiko ekintzak burutzen zituztela pentsatu izan da. Ekainen aurkitutako labar artea erabilera sinboliko horrekin lotuta legoke.


Beste kobazulo batzuetan, erabilera sinboliko horrek ez du aztarna material argirik utzi. Badira historiaurrean zehar luzaro okupatuak izan diren kobazuloak, lekuko paregabeak dira beraietako aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako aztarnak, baina ez daukagu erabilera erritual baten froga materialik.


Beraz, Paleolito garaian kobazuloek erabilera bikoitza zuten, bata, sarrera inguruko alderdi argienean kokatutako espazioarena, erabat praktikoa, izoztaro garai batetarako bizileku epelak eta erosoak ziren; beste erabilera, alderdi ilun eta sakonarena, sinboloen munduarekin lotuta dago, ekintza erritualekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario