Ekaingo kobazuloaren alde sakonenean eginiko irudiak 1969an aurkitu zituzten Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal Antxieta Kultur Elkarteko kideek. Aztarnategia 1969 eta 1975 artean buruturiko sei kanpainetan induskatu zen, On Jose Miguel Barandiaran eta Jesus Altuna ikerlarien zuzendaritzapean. Momentu hartan aztarnategiaren zati bat ikertu gabe utzi zen, 2008an Jesus Altuna eta bere lan taldeak lan horri berriro ekin zioten arte.
Sei kanpaina horietan zehar, Ekaingo koban hamabi okupazio maila identifikatu ziren, lehendabiziko biak, XII. eta XI. zenbakiekin identifikatuak, erabat antzuak dira, ez da inongo aztarna arkeologiko edo paleontologikorik aurkitu bertan.
Lehen hezurrak eta giza jatorriko aztarnak X. maila estratigrafikoan agertu ziren. Bertan leizeetako hartzaren aztarnak dira nagusi. Giza industriaren aztarnak geruzaren goiko aldean agertu ziren eta Chatelperron aldiko (36.000-30.000 BP) zenbait ezaugarri dituzte. Erradiokarbono dataketen arabera, 30.600 BP inguruko okupazioa izan daiteke.
IX. mailan ere leizeetako hartzak nagusi izaten jarraitzen du, Aurignac aldikoak (33.000-18.000 BP) diruditen pieza batzuekin batera. Geruza honetan aurkituriko apodun animalien aztarnen egoera kontutan hartuta, badirudi gehienak kobara animalia haragijaleek garraiatu zituztela, gizakiak hezurrak gehiago apurtzen baizituen hezur muina erabili ahal izateko.
VIII. mailan leizeetako hartzak desagertu egiten dira aztanategitik, sarrioaren eta oreinaren aztarnak nagusituz, erradiokarbonoak 20.900 BP inguruan kokatzen du maila hau (Aurignac aldian).
VII. eta VI. mailak Madeleine aldikoak (17.000-11.000 BP) dira. Orain hasten dira giza aztarnak nagusitzen Ekainen, industria ugari agertu da, kobaren alderdi ilunenean landutako labar artea ere garai honetakoa da.
VII. maila kantauriar Behe Madeleine aldi tipikoari dagokio, 16.500-15.500 BP inguruan kokatzen da. Maila hau aro epel eta heze batean hasten da eta hotzaldi batean amaitu. Su-zuloak aztarnategiaren alderdi argitsu eta zabalenean aurkitu dira eta animalien aztarnak eta hezur eta harrizko giza tresnak beraien inguruan.
Maila honetako harrizko industria ia erabat suharrian egina da, erretokaturiko piezen proportzio altuak suharriaren lanketa prozesu gehiena Ekaindik kanpo egiten zela adierazten du. Tamaina txikiko industria da eta espezializazio maila handia erakusten du, giza talde ehiztari eta ibiltari baten aztarnak dirudite, agian Ekain aldi baterako kanpaleku bat izan zitekeen.
Garai honetan Ekaingo biztanleak oreinaren ehizan espezializatu ziren, are gehiago, aurkitutako hezurren arabera kumeak eta erditu berri zeuden emeak ehizatzen zituzten, agian harrapatzen errazagoak zirelako, eta orein kumeak udaberri bukaeran jaiotzen dira, badirudi gizakiak garai horretan iristen zirela gure ingurura.
Ekaingo koban aurkituriko azken arte pieza, 2009an topaturiko hegazti itxura duen ingerada ebakia. Arte eramangarriaren eredu bat da eta Madeleine aldiko geruza hauetan aurkitu zen.
VI. mailako industria Goi-Azken Madeleine aldikoa da, klima oso hotzeko garai bat, 12.050 BP datazioarekin. Badirudi hotzaldiaren ondorioz txilarra urritu egin zela Ekain inguruan. Hau zen oreinen elikaduraren oinarrietako bat eta garai honetan oreinen aztarnak ere nabarmen murrizten dira. Agian horregatik ekin zioten gizakiek mendi magal harritsuetan basahuntzak ehizatzeari.
Beste aldaketa bat ere ikus daiteke, orain animalia gehienak jada zatituta ekartzen dituzte Ekaina, agian ehiza lekuak lehen baino urrunago dituztelako.
Oso geruza mehea den arren, oso aberatsa da hezur eta harrizko industrian. Su-zuloak aurreko garaian baino barrurago aurkitzen dira aztarnategian eta tresnak beraien inguruan, hezurrezko industriak harrizkoari aurrea hartzen dio. Harrizko industria erabat suharrian egina da, bere lanketa ez da kobazuloan egiten, baina aurkitutako tresneriak okupazio egonkorrago bat adierazten du, piezak berrerabili egiten dira, eta aurreko garaian ez bezala, “etxeko” tresnen eta “armen” artean oreka handiagoa nabari da.
Ekaingo xaflatxoa bezala ezagutzen den arte eramangarriaren pieza ere maila estratigrafiko honetan agertu zen. Hareharrizko xafla batean animalien hainbat irudi zizelatu eta hainbat egitura ikus daitezke.
Hortik gorako mailak berriagoak dira, V., IV. eta III. mailak Azil aldiari (11.000-8.000 BP) dagozkio. Garai honetan Goi Madeleine aldiko erabilera kulturalek jarraitu egiten dute, baina klima eta gizakien bizi baldintzan nabarmen aldatzen dira, epel aldia iristean, gizakiak Ekaingo kobazuloari ematen zion erabilera nabarmen eraldatu zen.
II. a berriz, Mesolito garaikoa (8.500-4.500 BP) da. Gizataldeak Neolito garai berrirako urratsak ematen ari ziren, nekazaritza eta abeltzaintzan oinarrituriko bizimodu batera bidean, momenturen batean Ekaingo koba bertan behera utzia izan zen arte.
I. geruzan kobazuloak ia gaur eguneraino izandako historiaren aztarnak ditugu, arkeologiaren aldetik interes urria dutenak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario