2011/11/17

Ekain: Paleolitoko Santutegi



Ekaingo kobazuloan bi alderdi desberdin bereizi daitezke, alderdirik argitsuena Paleolitoko gizakien bizilekua zen, eta 15 metro inguruko tunel beherakor estu batetik igaro ondoren, “santutegi” bezala identifikatu dena dago, bertan gordetzen dira Ekain ospetsu egin duten labar arte adierazpenak.


Labar artea, kobazuloen alderdi ilunenetako hormetan eginiko irudi multzoak, Paleolito garaiko gizakien ideien munduarekin lotura duela nahiko teoria onartua da. Gizaki haiek benetan adierazi nahi zutenari buruz zalantza asko dauden arren, askotan labar artea duten kobazuloak “santutegi” bezala ezagutzen dira.


Ekain zaldiari eskainitako “santutegi” bat da, André Leroi-Gourhan arkeologoak “arte kuaternarioaren zaldi multzorik perfektuena” izendapena eman zion. Irudi hauek duela 13.000 edo 14.000 urte inguruan, Madeleine aldian, egin zituzten Homo sapiens-sapiens espezieko gizaki batzuk.


Ekain “santutegi sakon” bezala kontsideratzen da, bertako irudiak eguzkiaren argitik erabat babestuta daude, baina aldi berean, irudiak sarreratik nahiko gertu aurkitzen dira.


Hiru gune geografiko eta hiru irudi unitate bereizten dira bertan, sarrera aldean zeinuak eta irudi isolatuak aurkitzen dira; beste irudi isolatu batzuen ondoren, erdialdean Ekaingo margorik ezagunenak aurkitzen dira; barnealdean, irudi isolatu gehiago atzean utzi ostean, beste margo panel bat ageri da.


Ekaingo animalia errepresentazioen artean, erdia baino gehiago zaldiari eskainiak dira, guztira 34 irudi, oso urrundik jarraitzen dio bisonteak, 11 irudirekin, 5 ahuntz datoz ondoren (ziurrenik Pirineotako basahuntzak), beste 3 orein (bi eme eta har bat), kobazuloaren leku pribilegiatuenetako batean bi hartz arre aurkitzen dira, 2 arrain santutegiaren puntu desberdinetan; errinozeronte iletsu bezala identifikatu izan diren bi irudi ere badira, zalantzagarriak diren arren; hau guztia kobazuloan zehar banaturiko hainbat marka eta zeinu kontutan hartu gabe.


Ekaingo irudietan gutxienez zazpi artista edo “maisuren” eskua ikusten da, baieztapen hori egiteko hainbat aspektu hartzen dituzte kontutan adituek, eta zenbaitek gutxienez beste sei artistaren lana ere ikusi dute.


Zenbait iturriren arabera, Ekaingo zaldi guztiak lau maisu desberdinen artean burutu zituzten. Teoria honi jarraituz, zaldien lehen maisuak panel handienetan egin zuen lan, kobaren erdialderako sarrera partea apainduz. Bigarrenak erdialdean naiz sakoneko panelean egiten du lana. Hirugarren maisu baten zaldiak kobaren erdialdeko panel handienera mugatuko lirateke. Laugarren maisu batek “tailer” bat izan zuela pentsatzen da, badira zaldi batzuk maisutasun handiz hasi direnak, baina hainbat xehetasunetan beste esku baldarrago baten lana erakusten dutenak. Honez gain, zenbait zaldi zein maisurenak diren ezartzeko arazoak daude, kasu gehienetan irudiak gaizki mantentzen direlako edo xehetasun gutxi dituztelako.


Ekaingo 11 bisonte gutxienaz bi maisuren artean burutu direla pentsatzen da, beraietako batek esku ziurra erakusten du eta lerro luzeen bitartez margotzen du, beste batek lerro laburrak darabiltza eta segurtasun gutxiago erakusten du.


Ahuntza espezie urria da Ekainen, basahuntz pirinearra diruditenaren bost ale ikusten dira, bat panel handian eta gainontzekoak Auntzei deituriko galeria batean, gutxienaz bi maisuren lana direla uste da, irudietan erabiltzen duten ikuspegiagatik eta artistaren gaitasun teknikoagatik ezarri da bereizketa hori.


Hiru orein ikus daitezke santutegi honetan, bi zizelatu eta margotu bat, Ekainen arra eta emea bereizi daitezkeen espezie bakarra da. Bi irudi zizelatuak bata bestearen barruan daude eta maisu berarenak direla uste da, panel handiko orein emeak ezaugarri desberdinak ditu eta bigarren maisu batena dela pentsatzen da.


Arrainak labar artean animalia urriak dira eta Ekainen bi daude, izokin bat Auntzei galerian, eta mihi-arrain baten isatsa panel nagusiaren ertz batean. Izokina landu duen artistak esku ziurra eta marrazkirako gaitasun handia erakusten ditu, mihi-arraina landu duenak lerroa behin eta berriro zuzendu behar izan du.


Hartzak ere animalia bereziak dira labar artean eta Ekaingo kobazuloaren erdigunean, 1,20 metrotako altura duen sabai ganga batean, hartz arrearen bi irudi ikusi daitezke, maisu bakar batenak direla uste da eta ez dirudi maisu honek Ekaingo beste margoetan parte hartu duenik.


Ezin da baieztatu adibidez zaldien artista batek ez zituenik bisonte batzuk ere margotu, edo oreinen maisu batek ez dituenik zaldiak ere margotu, baina Ekainen lana egin zuten pertsonak espezialista talde txiki bat zirela pentsa daiteke, hori bai, denek ez zuten momentu berdinean egin lana, zenbait belaunaldi desberdinetako artistei dagozkie irudi zoragarri hauek.


No hay comentarios:

Publicar un comentario