2012/03/22

Goi Paleolitoa: Homo sapiens-sapiensaren garaia



Goi Paleolitoa izenez ezaguturiko garaia Europan orain dela 35.000 urte inguru hasi zen eta duela 8.500 urte inguru amaitu, Paleolito edo “harri landu zaharraren aroaren” azken fasean aurkitzen gara.
Paleolitoaren barruan ongien ezagutzen den denboraldia eta gehien ikerturikoa da, agian garai honetarako aurkitu diren aztarnen kopurua asko ugaltzen delako eta euren kalitatea asko hobetu. Aro honetan kultur erregionalizazio maila altua ikusten da, litekeena da aztarnen ugaltze horren ondorioz izatea.
Denbora epe oso zabal eta konplexu baten aurrean gaude, kultur erregionalizazio handia duena, garai hau bere osotasunean azaldu ahal izateko hainbat azpimultzo kronologiko eta kultural sortu dira, kasu askotan irizpide desberdinak erabiliz, eta sarritan batak bestearen eremuak zapalduz, sailkapen guztiak erlatiboak direla kontutan hartu behar da.
Sailkapen hauek burutzeko oso garrantzitsuak dira “fosil gidari” izenez ezaguturiko piezak, garai askoren izenak pieza horiek aurkitu diren kobazuloen edo eskualdeen izenetatik datoz. “Fosil gidariak” izate laburra eta kronologia ongi definitua duten objektuak dira, euren testuinguru kultural eta kronologikoa ongi mugatzea ahalbideratzen dutenak. Honelako zenbat eta tresna gehiago izan, orduan eta sailkapen zehatzagoak burutu daitezke.
“Fosil gidariei” jarraituz, zenbait adituk Europako Goi Paleolitoa hiru garai handitan banandu dute, gero garai bakoitzak aldaera kronologikoak edo erregionalak izan ditzake.
Aurignac-Perigord aldiak markatuko du Goi Paleolitoaren hasiera, duela 33.000 urte inguru hasi eta duela 18.000 urte ingurura arte luzatzen da, epealdi luze bat denez, bere mugak eta garapena ezartzeko irizpide desberdinak erabili izan dira, izendapena ere aldatu egiten da autorearen arabera. Garai honetan iristen da Homo sapiens-sapiens edo gizaki modernoa Europara.
Solutre aldiaren hasiera duela 18.000 urte inguru koka daiteke eta duela 15.000 urte ingurura arte luzatzen da, azken izoztaroaren garairik hotzenarekin bat dator eta Europa hegomendebaldean garatzen da.
Aro honetan ehizaren espezializazio bat gertatzen da, agian tresna mota berri eta eraginkorragoek gizakia horretara bultzatu zutelako, tamainu ertaineko espezieak ehizatzen zituen. Arte eramangarriaren eta labar artearen garapen ikusgarri bat ere gertatzen da, azken hau batez ere kanpoko labar santutegietan eta baxuerliebe teknika erabiliz.
Madeleine aldia da Goi Paleolitoaren azken garaia, duela 15.000 urte ingurutik duela 8.500 urte ingurura gauzatu zen. Bertan ehiza nabarmenki espezializatzen da, Ekaingo gizakiak adibidez lehendabizi oreina eta gero basahuntza ehizatzen espezializatu ziren. Hezurrezko eta adarrezko tresneriak aparteko garrantzia hartzen du aro honetan eta hau da labar artearen eta arte eramangarriaren garairik gorena ere.
Gizakiak Ekaingo kobazuloa Goi Paleolito osoan zehar okupatu zuen, baina Madeleine alde honetan burutu zituen bertako labar arte adierazpen ikusgarriak, baita bertan aurkituriko arte eramangarriaren bi ereduak ere, bata zizelaturiko zaldi bat, basahuntz bat eta orein bat erakusten dituen hareharrizko xafla bat, eta bestea hegazti baten itxura duen ingerada ebaki bat, bobido handi baten saihets hezurrean landua.
Baina badira Goi Paleolito osoan zehar irauten duten eta garai osoa definituko duten bi elementu, izoztaroa batetik eta Homo sapiens-sapiens gizakia bestetik.
Goi Paleolitoa bete-betean azken izoztaroan garatzen da, Pleistozeno garai geologikoaren barruan, klima oso hotzeko garai bat izan zen, epelaldiak ere izan ziren arren. Gizakiek bizimodua oso ingurune konplexu batean burutzen zuten, tenperaturak oso hotzak ziren, poloetako izotza oso zabalduta zegoen eta itsas maila baxuagoa zen, ekuatore inguruan lehorte handiak eta uholde handiak txandakatzen ziren, oso baso gutxiko paisaiak zituzten, klima hotzera egokituriko fauna bizi zen...
Muturreko baldintza hauetan aurrera egin zuen giza espeziea Homo sapiens-sapiens edo gizaki modernoa izan zen. Garai honetan Homo generoko gainontzeko espezieak galdu egin ziren bitartean, Homo sapiens-sapiensak hazkunde demografiko ikusgarria bizi izan zuen eta ia planeta osoa kolonizatu.Gizaki hauek euren bizimodua ehizatik, arrantzatik eta fruitu bilketatik lortzen zuten, horrek baliabideen bila mugitzea eskatzen zuen, beraz, giza talde hauen izakera ibiltaria eta ehiza, arrantza eta bilketan oinarritutako ekonomia bat izatea ere Goi Paleolitoa definitzeko balio dezaketen faktoreak izan daitezke, baina ezaugarri hauek Paleolito aro osoan mantentzen dira, ez dira Goi Paleolitora mugatzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario