2011/02/25

Ekain kobazuloko margoen aurkikuntza

Hainbat hamarkadetan zehar, Azpeitiko Antxieta Kultur Elkarteak lan gogor eta emankorra burutu du euskal kulturaren arlo desberdinak ikertu eta bizirik mantentzeko ahaleginetan, guztia euren ikasteko gogoagatik eta asebetetze pertsonalaren truke, borondatez lan eginez.
Bertako kide batzuek hasiera-hasieratik erakutsi zuten gure arbaso urrunenek utziriko aztarnak ikertzeko interes berezia, interes hori lehendik zetorkien espeleologiarekiko zaletasunari lotuta, kobazuloetan gordetzen ziren historiaurreko sekretuen bila hasi ziren.
Ahalegin horretan, arkeologiara zaletu talde hark Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza teknikoa eta babesa izan zituen. Lankidetza oparo horri esker, Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat aztarnategi arkeologikoren berri izan dugu eta gure arbaso urrunenen bizimodua askoz hobeto ezagutzen dugu.
1969 urtean, Antxieta Kultur Elkarteko zenbait kide Izarraitz mendizerran kokaturiko hainbat giza-okupazio gune aurkitu eta ikertzen ari ziren. Euren aisialdia arkeologiari eskaintzen zioten ikerlari boluntario haietako bi Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal ziren.
Udaberriko igande batean, Goltzibar errekaren arroari jarraituz Sastarrain bailarara iritsi ziren. Inguru hau Paleolito garaiko gizakien bizimodurako oso leku aproposa iruditu zitzaien, bi erreka elkartzen diren lekuan ur ugari eta belarjale talde handiek elikagaia lortzeko larre ugari daudelako bertan.
Handik gertu kokaturiko kobazuloren baten bila hasi ziren. Sastarrain baserriko etxeko andrea izan zen Rafael eta Andoniri han inguruko haitzulo baten berri eman ziena, ez zituen 13 metro baino gehiago neurtzen.
Ekainaren 8an kobazulo horretan giza aztarnen bila hasi ziren. Rafael zulo batetatik zetorren aire korronte hotz batetaz ohartu zen, bidea oztopatzen zuten harri bloke batzuk kendu eta 20 metro ingurutan pasabide batetan zehar arrastaka ibili ziren.
Zutik jartzean, zoruaren zaratek eremu zapalgabean zeudela adierazi zieten. Sarreratik 60 metro ingurutara, André Leroi-Gourhan etnologo, arkeologo eta historialari frantziarrak “zaldi multzorik bikainena Kuaternarioko arte guztian” bezala kalifikatu zuen Zaldien Panel Handiarekin egin zuten topo.
Berehala eman zieten aurkikuntzaren berri Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurre saileko kideei. On Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna ikerlariak hurrengo egunean iritsi ziren Ekain 1 izenez deitutako kobazulora. Bertako labar irudiak ikusi eta aztertu ondoren, hauek duela 13.000-14.000 urte inguruko gizakiek eginak zirela ziurtatu zuten, Goi Paleolitoaren bukaera aldean, zehazkiago esateko, Goi Madeleine aldia deitutako aro kultural baten barruan.
Momentu horretan jarri zen martxan Ekaingo kobazuloa eta bere margoak babesteko ekimena. Agintari eta erakunde desberdinekin eztabaida ugari izan ondoren, Ekain 1969ko ekainean bertan itxi zen, modu horretan bertako irudiak eta aztarnategi arkeologikoa ikertzeko denbora lortu zen.
Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatu zuen Ekaingo kobazuloa denbora luzez. Kudeaketa horren barruan bisita programa oso kontrolatu bat aurrera eraman zen, baina denborarekin, labar arte multzo bikain hori erakusteko eta zabaltzeko beharra gero eta argiago ikusten zen, eta horrela sortu eta gorpuztu zen 1980. hamarkadan Ekaingo haitzuloaren kopia edo erreplika bat eraikitzeko ideia.
Bi hamarkadatako lanaren emaitza bezala, 2008ko irailaren 11an Ekainberrik bere ateak publikoarentzat ireki zituen. Bertan bisitari orok Ekaingo labar arteaz gozatzeko aukera du, hori bai, jatorrizko irudiak kaltetzeko arriskurik gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario