2011/06/16

Labar artea

Goi Paleolito (40.000-10.000 urte) garaiko gizatalde ehiztari eta biltzaileen arte adierazpen bikainenetakoak kobazuloetako hormetan landuta agertzen dira, eta labar artea izena ematen zaie.
Labar artearen ezaugarri nagusia higiezina izatea da, bere elkartrukea edo zirkulazioa ezinezkoa da, artelana beti leku berdinean dago, mugitu behar duena artista edo ikuslea da. Gainera, labar artearen eredu esanguratsuenak lurpeko eremu ezkutuetan aurkitzen dira, ez taldearen bizilekuan. Hain kokapen urrunetan burutzeak antolakuntza eta plangintza maila handiak eskatzen ditu.
Tradizionalki labar artea mendebaldeko Europan kontzentratutako fenomeno bat izan da, nahiz eta gaur egun gero eta ohikoagoa den eremu franko-kantabriar tradizionaletik kanpo ere horrelako arte adierazpenak aurkitzea.
Labar artean ia arte teknika guztiak aurkitu daitezke isladatuta, margoa, zizelaketa, baxuerliebea, altuerliebea, modelatua... Irudiak hiru espazio mota desberdinetan aurkitu izan dira: aire libreko aztarnategietan, harpeetan eta santutegi sakonetan.
Aire libreko aztarnategi gehienak Iberiar Penintsulan daude kokatuta. Oso zaila da euren kronologia zehaztea, batez ere zizelatu bitartez landutako harkaitz edo harlausetan landuta aurkitzen dira.
Harpeak edo “kanpoko santutegiak” ongi argiztatutako kobazuloetan aurkitzen dira. Beraietan baxuerliebeak eta irudi zizelatuak dira nagusi, irudi batzuk jatorrian margotuak ere baziren arren. Zabalkunde geografiko handiko fenomenoa da.
Kobazulo edo “santutegi sakonetan” ditugu labar arte adierazpenik bikainenak, Ekaingoak kasu. Adierazpen hauek Andaluzia hegoaldetik Ural mendietaraino zabaltzen dira, pilaketa nagusia Frantzia hegoaldean eta Iberiar Penintsularen iparraldean ematen den arren. Beraietan baliabide tekniko guztiak ikusten dira islatuta eta askotan iristeko oso zailak diren espazioetan aurkitzen dira.

Labar artean tratatzen diren gaiak oso anitzak diren arren, giza irudiak (oso urriak), animaliak (espezie gutxi batzuen irudiak behin eta berriro errepikatuta) eta zeinuak (ugarienak) bereiztu daitezke. Agian ikusgarrienak eta esanguratsuenak animaliei buruzkoak dira, Ekainen horren eredu bikainak ditugu. Hauen ezaugarri bereizgarria paisaiarekiko inongo erreferentziarik ez dela agertzen da.
Ez da batere erraza labar artearen helburuak interpretatzea. Gai honi buruz eskola historiografiko bakoitzak bere teoria propioa sortu du eta denborarekin teoria desberdinak garatzen joan dira.
Artea artearengatik teoriak XIX. mendean onarpen handia izan zuen, labar artea gizakiak berezkoa duen libreki azaltzeko beharraren emaitza litzatekeela dio.
Bi elementu nagusi daude teoria honen aurka, batetik, artelanak kobazuloetako leku ezkutuetan aurkitzea, ezinezkoa baita leku horiek Paleolitoko bizilekuak izatea; bestetik, gaiak behin eta berriro errepikatzea, hori taldearen unibertso ideologikoaren adierazgarri baita.
Totemismoaren teoria etnologia konparatutik dator, Madeleine aldiko gizarteak gaur egungo eskimalekin konparatzearen emaitza da. Komunitate batek animalia bat arbasotzat kontsideratu eta gurtu egiten du, totem hori taldearen bereizgarria izango da.
Bere arazo nagusia labar artean oso animalia espezie gutxi agertzen direla da, eta oraindik gutxiago gailendu, beraz, talde guztiek animalia gutxi batzuk gurtuko lituzkete. Gainera, teoria honek ezin du labar artean hain ugariak diren zeinuentzat inongo azalpenik eskaini.
Ehizarako eta ugalkortasunerako magia sinpatikoaren teoriak bere jatorria etnografia konparatuan du, oso indarrean izan zen XX. mendearen lehen zatian eta aspektu desberdinak barneratzen ditu.
Alde batetik, labar artean agertzen diren animaliak talde egilearen dietaren protagonistak izango lirateke, kobazuloen barruan margotuko zituzten ehiza arrakastatsu bat lortzeko erritual mitiko edo magiko moduan. Zenbait animalia geziz edo lantzaz zaurituta agertzen dira, agian modu horretan benetako animaliak errazago ehizatuko zituztenaren itxaropenez. Erritual horiek pertsona helduek bakarrik burutuko zituzten.
Bestalde, belarjaleen errepresentazio askok oso sabel nabarmenak izaten dituzte, horregatik interpretatu izan dira haurdun dauden emeak bezala. Modu horretan espezieen ugalkortasuna bultzatuko zuten eta taldearen biziraupena ziurtatu.
Azkenik, labar artean ez dira oso ohikoak animalia arriskutsuen irudiak, hauek erritual baten parte izango ziren, animalia horiek gizakiei kalterik ez egitea eskatzeko modu bat.
Teoria honek kontraesan ugari ditu ordea. Batetik Goi Paleolitoko labar artean ez da ehiza eszenarik agertzen, bestetik, argi eta garbi arrak diren animaliek ere sabel handia dute; horrez gain, “zauritutako animaliak” oso gutxi dira osotasunarekin alderatuta eta ez da hildako animalia bat bakarrik ere ageri; azkenik, artea duten kobazuloetako aztarnategi arkeologikoak industean, kontsumitutako animaliaren eta errepresentatutakoaren artean desoreka handia aurkitu da.
Estrukturalismoa eta sexu dikotomiaren teoriaren arabera, labar arteko animaliak eta zeinuak egitura baten arabera antolatzen dira, irudiak elkargo binarioetan agertzen dira. Sistema zaldia-bisontea/uroa bikoiztasunean oinarritzen da, batek arra errepresentatuko luke, besteak emea, agian oinarrian ugalkortasuna egongo zen, baina autore desberdinen artean eztabaidak sortu dira zein animalia edo zeinu den arraren baliokidea eta zein emearena ezartzeko orduan.
Neuropsikologia eta xamanismoaren teoria etnografia konparatuaren alorretik dator, homo sapiens-sapiensaren sistema neurologikoak bere horretan dirau sortu zenetik. Ezagupen aldaturiko egoeretan beti arazo berdinak izan ditu, arazo horiek ez daude kultur faktoreen menpe. Badira egoera horiek eragiten dituzten kanpo faktoreak, hala nola migrainak, droga psikotropikoak, nekea, hiperaireztatzea, eskizofrenia, kontzentrazio sakona, pribazio sentsoriala edo soinu eta mugimendu jarraituak.
Labar artea trantze egoera honetan aurkitzen den xaman baten lana izango litzateke, hau munduko leku desberdinetan dokumentaturiko praktika bat da. Xamanak mundu errealaren eta naturaz gaindikoaren arteko bitartekari lana burutzen du. Trantze egoeran sartzean erritualaren zuzendari bihurtzen da, animalien izpirituekin duen harremanari esker, xamanak taldearen gaineko kontrola lortzen du. Trantze egoera horretara iristeko oso garrantzitsuak ziren musika eta dantza erritmo errepikakorrak, agian kobazuloen akustika bereziak labar artearen sorreran paper garrantzitsua joka dezake.
Teoriak teoria, oso zaila gertatzen da duela milaka urteko gizaki haiek burututako arte lanen helburuak interpretatzea edo ezagutzea, beti aurkitu daiteke teoria orokor bat bertan behera utzi dezakeen salbuespenen bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario