2012/02/29

Kobazuloen III. Eguna Ekainberrin

2010 urtean Euskal Herriko kobazulo turistiko desberdinak Mugarik Gabeko Lurpea izeneko elkarte batean bildu ziren, elkarte honen helburua zenbaitek “Seigarren Kontinentea” deitzen diona ezagutzera ematea da, gure lurpeak eskaintzen dituen altxor naturalak eta kulturalak jendearen eskura jarriz.
Honakoak dira Mugarik Gabeko Lurpea osatzen duten kobazuloak: Zugarramurdiko Sorginen Leizea, Urdaxeko kobazuloa Urdaxen, Sarako leizea Saran, Karrantzako Pozalagua eta Kobenkoba, Lekunberriko Mendukilo, Oñatiko Arrikrutz eta Zestoako Ekainberri.
Martxoko lehen igandean, aurten martxoaren 4an, Mugarik Gabeko Lurpea elkarteko kide diren zortzi kobazulo turistikoek beraien indarrak elkartzen dituzte eta Kobazuloen Egunaren III. edizioa ospatzeko hainbat ekintza antolatu.
Egun horretan Ekainberriko sarrerek %50eko deskontua izango dute, sarrera horrekin Ekaingo kobazuloan gizakiak duela 13.000 edo 14.000 urte buruturiko artelan txundigarrien erreplika zehatzak ikusi daitezke eta bertako erakusketa gelan Euskal Herriko labar artea ikertu.
Horretaz gain, tailer berezi baten bidez historiaurreko gizakien bizimoduan barneratzeko aukera izango du bisitariak, Paleolitoko biztanle haiek bezala, bizirik irauteko lehengaiak eta ezinbesteko elementuak lortzen ahalegintzeko aukera izango du.
Eguna oraindik gehiago borobiltzeko, martxoaren 4 Mugarik Gabeko Lurpea elkarteko zortzi kobazuloetako bat bisitatzen duen orok sari zoragarri baten zozketan parte hartzeko aukera ere izango du.

Euskal Herrian kobazulo ugari daude, gure ingurune karstikoak horretarako ezaugarri aproposak eskaintzen dizkio gure lurpeari. Milioka urte abian daramatzan prozesu batetan zehar, urak gure oinen azpian dugun kareharria, kaltzio karbonatoa, higatu, urtu eta berarekin egitura sinestezinak eraiki ditu, lurpean benetako espazio magikoak sortuz.
Kobazuloak aberastasun geologiko eta biologiko handiko eremuak dira, urak kareharria higatuz eta disolbatuz milioika urtetan buruturiko lan isil eta etengabearen emaitza zoragarria, estalaktitak, estalagmitak, koladak, makarroiak, banderak... uraren kapritxoen emaitza liluragarriak dira, lurraren bihotzean eguzkiaren argitatik ezkutatuak.
Horrez gain, kobazuloak gizakiarentzat hasiera-hasieratik oso leku bereziak izan dira, beraientzat babeslekuak ziren lurrazpiko zulo haiek, baina baita misterioz eta sinbologiaz beteriko lekuak ere. Gaur egun ere erakarmen gaitasun hori mantentzen du lurpeko munduak, gizakia bere jatorrietara itzultzen da kobazuloetan, espazio hauek bere emozioak azaleratzen dituzte. Erakarpen indar horren lekuko dira urtero kobazulo turistikoek mundu osoan zehar jasotzen dituzten milioka bisitariak.
Kobazuloek naturaren eta artearen arteko harremana ere ezartzen dute, gizakien lehen arte adierazpenak kobazuloen alderdi ilun eta sakonenetan agertzen dira, gizakiak leizeetako lehoiei, leizeetako hartzei eta beste hainbat piztia beldurgarriri aurre eginez burutu zituen artelan horiek.


Animatu eta ezagutu Seigarren Kontinentea!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario